Noticias

Bi mandarina eta galtzerdi batzuk

16 Abril 2015

IV. Literatur Lehiaketaren ipuin irabazlea “Errege Magoen Heraldoa” Lehenengo Saria: Sara Nahum Itzulpena: Ion Stegmeier Bi mandarina eta galtzerdi batzuk, bai. Hori zen amona Isabelek Eguberritan oparitzen zizkidana beti. Eta nik hala maite nuen. Opari horrek atzean zeukan istorioa ezagutzen bait nuen. Askotan entzuna nuen aiton amonek gerran bizi izan zuten goseaz, miseriaz, hotzaz eta beldurraz. Eta, hala eta guztiz ere, Errege Magoek beti utzi zizkieten mandarina parea eta galtzerdiak.  Zeozergatik ziren magoak, eta ez nolanahikoak. Eta ez zegoen opari hoberik. Mandarinak astean zehar jaten zituzten, gutxinaka gutxinaka, azala eskuetan igurtziz eta usain horrekin lotara joanez, garai oparoago batekin amets eginez. Galtzerdiak igandetan jantziko zituzten, eta aurreko urteetakoak astean zehar. Gauero  garbitzen zituzten, egunsentian berriz ere janzteko. Amonak bazekien garai haiek iraganekoak zirela, baina ez zuen nahi bere bilobak zein gaizki pasa zuten ahaztu zedin, eta, aldiz, nik zein sorte ona nuen jakin nedin nahi zuen. Hori dela-eta, mandarinak eta galtzerdiak derrigorrezko opariak ziren. Nerabezaroan ez nituen ongi hartzen, baina hazten joan ahala errespetatuz eta baloratuz joan nintzen. Sortaldeko Magoek, ordea, nire oparirik magikoena azken lau urteetan ahaztu egin zuten. Nire amonari Alzheimer-a zuela esan ziotenetik. Lehen urtean amona betikoa ez zela somatu nuen. Mandarinak eta galtzerdi beltz batzuk agertu ziren  ordenagailuaren ondoan, baina segituan jakin nuen berak ez zituela hor ipini. Zeozer falta zen, bere idazkera perfektoarekin jartzen zuen oharra: “Zure bizitzan duzuna aintzat hartu, Diego. Zorionekoa, zu”. Mezua beti berdina zen. Ez zuen ezta koma bat bera aldatzen. Nire gurasoei eskerrak eman nizkien baina argi esan nien amonak ez bazituen mandarinak eta galtzerdiak jartzen nahiago nuela inork ez jartzea. Gaixotasunak ohitura hori ere eraman zezala, tximiniaren aurreko istorioak eraman zituen bezala, edo Gabon Gaueko karta partidak, polboroiak edo Oilar-meza. Labearen kanpaitxoak nire pentsamenduetatik atera ninduen. Beste urte bat! Berriz ere Errege gaua, saloitik kabalgata ikusi genuen, txanpanarekin topa eginez eta erroskoaz gozatuz, hori bai urteroko plazerra. Haurrak arbolaren inguruan korrika zeuden eta txoko batean bera zegoen, Isabel, buruan handik guztiz aldenduta. Eguberri guztietan tren geltokira eramaten gintuen emakumearen arrastorik ez zen somatzen, heldu berriek jasotzen zuten besarkada haiek ikus genitzan egiten zuen. Begirada galdu horren atzean ezinezkoa zen Peñaranda de Dueron iraultza bat izan zen maistra ikustea, eskolara bere kotxea gidatuz eta erretzen zuela heldu zen andra hura. - Eta prakekin! - amonaren ahotsak nire pentsamenduetatik atera ninduen. - Nola diozu, amona? - Egundokoa izan zela herrian prakak neramala komandarina txetik jaisten ikusi nindutenean! - eta barre egin zuen ozenki. Halakoa zen nire amona. Bere gaixotasunaren aurka borrokatzen zuen, berak jakin gabe. Eta noizean behin buru-argitasun bat azaltzen zuen, guztiok txundituz. Medikuek ohitu ez gintezen esan ziguten, Alzheimer-a oso zabalduta zegoela eta ez zituela horrelakoak askotan izango. Baina txundituta gelditzen ginen, gehiago behar genuenean. Bere ahotsa gehiago entzungo ez genuela uste genuean sarritan kontatutako istorio labur bat oparitzen zigun. - Errege gaua magikoa da, Diego – esan zidan oheratzen nuen bitartean- Nola ez da magikoa izango guztiok, handiak eta txikiak, egun batez Sortaldeko Mago batzuekin amesten badugu! Nola ez da magikoa izango guztion artean haurrei inoiz kontatu den gezur politena ezkutatzen badiegu! Eta bapatean begiratu ninduen eta jakin nuen jada ez zegoela. Egonezin horrekin sartu nintzen ohera. Eskertzen nituen bera izatera bueltatzen zen une horiek, baina hainbeste mintzen ninduen berriz ere hori galtzeak. Eta orduan ikusi nuen. Nire kirol zapatiletan bi mandarina eta galtzerdi batzuk zeudela.  Beldurrez gerturatu nintzen, sorginkeri bat apurtuko balitz bezala, eta makurturik ohartu nintzen behekaldean ikusten zena letra elegante eta perfekto bat zeraman txartela bat zela: “Zure bizitzan duzuna aintzat hartu, Diego. Zorionekoa, zu”. Ez nuen inoiz hain ongi ulertu mezu hori.

La Asociación Cabalgata Reyes Magos de Pamplona cuenta con el sello MECNA del Gobierno de Navarra por estar considerada una iniciativa cultural de interés social.

© 2022
Asociación Cabalgata Reyes Magos de Pamplona